AFRIKAKO DANTZA ETA PERKUSIOA, IRRATI-ESATARITZA ETA GITARRA ELEKTRIKOA DIRA OTXARKOAGAKO AUZO ETXEAK DATOZEN HILABETEOTAN ESKAINIKO DITUEN IKASTAROETAKO BATZUK
Tular, La Caldera eta Guztiko elkarteek Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailarekin elkarlanean antolatzen dituzten plaza kopuru mugatuko ikastaro hauek ekainaren 27ra arte egingo dira
Izena emateko epea zabalik dago Afrikako dantza eta perkusiorako, eta gainontzeko ikastaroetarako epea martxoaren 31n hasi eta ikastaroa hasi arte luzatuko da
Afrikako dantza eta perkusioa, irrati-esataritza eta bideoklip-errealizazioa, eta gitarra elektrikoa eta bateria dira Otxarkoagako Auzo Etxeak datozen hilabeteotarako antolatu dituen ikastaroetako ikasgaiak, zein baino zein interesgarriagoak. Tular, La Caldera eta Guztiko elkarteek Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailarekin elkarlanean antolatu duten ekimen honetan parte hartzeko interesa dutenek izena eman dezakete dagoeneko Afrikako dantza eta perkusioaren kasuan. Gainerako ikastaroetarako, izena emateko epea martxoaren 31n hasi eta ikastaroa hasi arte luzatuko da, baina plaza kopurua mugatua denez, ez da komeni azken momentura arte itxarotea.
Afrikako perkusioari buruzko ikastaroa ekainaren 26ra arte egingo da, eguen guztietan, 17:00etatik 19:00etara bitartean, eta 50 euroko prezioan. Bestalde, Afrikako dantzari eskainitako ikastaroa maiatzaren 2an hasi eta ekainaren 27an amaituko da. Ikastaro honetan izena emanda daudenek bariku guztietan hurreratu beharko dute Otxarkoagako Auzo Etxera, 17:30etatik 19:30etara bitartean (30 €).
Ikusentzunezko tailerrei dagokienez, Irrati-esataritza ikastaroa apirilaren 15, 17, 22 eta 24an egingo da, 20:00etatik 22:00etara, Auzo Etxean eta Tular Irratiko lokaletan; hilabete geroago, Bideoklip ikastaroa egingo da, maiatzaren 8, 13, 15 eta 20an (20:00etatik 22:00etara), hau ere Auzo Etxean. Bi ikastaro hauen prezioa 10 eurokoa izango da, baina Tular Elkarteko kideek 6 euro besterik ez dute ordaindu beharrik izango, ikastaro hauetarako ezarriko zaien deskontu bereziari esker.
Azkenik, gitarra elektrikoak eta bateriak, musikari gazteen artean eskaririk handiena lortzen duten musika-tresnek, dagokien lekua izango dute Otxarkoagan. Gitarra elektrikoari buruzko ikastaroa apirilaren 23an hasi eta ekainaren 25era arte luzatuko da, eguazten guztietan, 20:15etik 21:45era bitartean, Auzo Etxean; eta Bateria ikastaroa La Caldera elkartearen lokaletan antolatuko da maiatzaren 26tik ekainaren 23ra arte (astelehen guztietan, 18:00etatik 20:00etara bitartean). Prezioa, batean zein bestean, 25 eurokoa izango da.
Informazio gehiago lortzeko, inskribatzeko interesa dutenak harremanetan jar daitezke Otxarkoagako Auzo Etxearekin (Pau Casals Etorbidea, 19; Telefonoak: 944125042 eta 944120387), edota ccotxarkoaga@ayto.bilbao.net helbidera jo dezakete argibide gehiago eskatzeko. Kasu guztietan, ordainketa egin ondoren, Auzo Etxean bertan jaso ahal izango dituzte dagozkien ordainagiriak
Últimos comentarios