BILBOKO UDAL LIBURUTEGIEK BISITA ETA KONTSULTA GEHIAGOREKIN, MAILEGU GEHIAGOREKIN ETA 78.000 TXARTEL BANATUTA DAUZKALA AMAITU DUTE 2008KO EKITALDIA
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpe diharduten udal liburutegiak egunez egun gero eta eskari handiagoa eta gero eta erabilpen maila handiagoa duen zerbitzutzat kontsolidatu dira, eta ildo honetan, iazko jarduerari dagozkion kopuruek oso emaitza onak azaldu dituzte adierazlerik garrantzitsuenetan, bisitei buruzko estatistikak, eta kontsulta, mailegu eta erabiltzaile-txartelen banaketari buruzko estatistikak ere tarteko direla.
Udal liburutegiak osorik erabiltzeko aukera ematen duten identifikazio-agirietan, esaterako, hazkunde nabarmena gertatu zen 2008an, %10,3koa alegia. Horrela, gaur egun, 78.000 erabiltzaile-txartel baino gehiago daude. Kopuru hori Urian erroldatuta dagoen biztanleria osoaren %22 bestekoa da, eta ondorioz, horrek esan nahi du bilbotarren artean bostetik batek udal liburuetarako erabiltzaile-txartela duela.
Bisita kopurua (677.000) %2 gehitu da. Kontsultei dagokienez, izugarri hazi dira bibliografia-katalogoari egindakoak —%168—; aldi berean, %20 gehitu dira udal webgunearen bidez (www.bilbao.net/bibliotecas) egindako kontsultak.
Liburuen eta beste kultur-euskarri batzuen etxez etxeko mailegua ere nabarmen hazi zen 2008an, % 12,6 alegia, eta gainera, hazkunde hori udal liburutegi sarea osatzen duten 13 liburutegietan gertatu zen. Bestalde, instalazio horietan antolatutako kultur jardueretako partaidetzak —hitzaldiak, erakusketak, aurkezpenak etab.— %11 inguruko gehikuntza izan zuen.
Teknologia berrien erabilera
Teknologia berrien erabilera gero eta handiagoa da beste alderdi garrantzitsu bat, bai jendeak erabiltzeko moduan paratutako ordenagailuen bitartez (+5,4%), bai eta liburutegi batzuetan Interneten sartzeko instalatu diren harigabeko eta doako konexioak (Wi-Fi) erabiliz ere. Azken hauen erabilerak %158ko hazkundea izan du. Horrez gain, teknologia berrien erabilerak San Frantziskoko liburutegian mundu osoko 180 egunkari doan kontsultatzeko zerbitzua abian jartzea erraztu du.
Datuen azterketaren haritik, 2008an gehien eskatu ziren liburuen zerrenda osatu ahal izan da. Horrela, helduentzako literaturan, zerrendako lehena “Mil soles espléndidos” eleberria da, “Cometas en el cielo” lanarekin nazioarteko ospea lortu zuen Khaled Hosseini idazle afganiarraren bigarren nobela. “El niño del pijama a rayas” (John Boyne), “La bodega” (Noah Gordon), “La elegancia del erizo” (Muriel Barbery) eta “La ladrona de libros” (Markus Zusak) dira bost liburu eskatuenen zerrenda osatzen duten gainerako liburuak.
Haur literaturan, bi euskal liburu (“Bubuk ez du lorik egin nahi”, Cyril Hahn-ena, eta “Lotarako Disney istorioak”) dira zerredaren goiko aldean ageri direnak; jarraian, “Harry Potter y las reliquias de la muerte” eta Disney faktoriaren beste produktu bat, “Cars” filmaren moldaketa.
Liburuekin batera, udal liburutegiek musika-grabazioak eta filmak bezalako kultur-euskarriak jarri ohi ditu jendearen esku. Lehenengoen artean, Amy Winehouse eta “Back to black” kantua dira zerrendako lehenak, eta ondorengo postuetan honako hauek ageri dira, Manu Chaho (“La radiolina”), Bruce Springsteen (“Magic”), Barbra Streisand-en zuzeneko kontzertua batzen duen “Live 2006” diskoa, eta Springsteen-ek Dublinen emandako kontzertuarena. Film eskatuenen zerrendan, Spike Lee-ren “Plan oculto” da lehena, eta jarraian “Harry Potter y el cáliz de fuego”, “V de vendetta”, “Diamante de sangre” eta “Princesas” izenburuko produkzio espainiarra ageri dira.
Azpiegitura
Bilboko udal azpiegitura liburutegia nagusiak (Bidebarrieta), barruti mailako bi liburutegik (Deustu eta Begoña) eta auzo mailako bederatzi liburutegik (San Ignazio, Zurbaran, Otxarkoaga, San Frantzisko, San Adrian, Irala, Errekalde, Zabala eta Zorrotza) osatzen dute, baita BilbaoMusikaren menpeko liburutegiak, Buiako zerbitzu-guneak eta Garellanoko liburu-gordailu nagusiak. Sare honen barruan, auzo mailako beste liburutegi bat irekiko da laster Castañoseko auzo-etxe berrian.
Guztira, 57 lagun arduratzen dira liburutegi-sare zabal honekin zerikusia duten zerbitzu guztiez. Liburuetarako apalategiek 11 kilometro lineal dauzkate, eta horietan 360.000 liburuki baino gehiago gordeta daude (bat biztanle bakoitzeko. Instalazioek 5.500 metroko koadroko azalera dute, irakurtzeko 880 leku daude eta ehun bat ordenagailu erabiltzaileen zerbitzurako.
Liburuak erosteko aurrekontua ia %6 hazi zen bibliografia-funtsetarako, eta %8 baino zertxobait gehiago harpidetzetarako. Ondorioz, 20.476 argitalpen berri erosi dira. Eusko Jaurlaritzak, Kultura Ministerioak eta partikularrek egindako dohaintzek ere funtsak handitzen lagundu dute. Gainera, erosketa horietako asko udal liburutegi sareko zerbitzuak erabiltzen dituztenen iradokizunei jarraituz egin dira.
Fondo bibliografiko gehienak (%85) 14 urtetik gorako pertsonei zuzendutakoak dira. Gaien arabera, %38 literatura alorrekoak dira, %51 humanitateen esparrukoak eta %11 zientzietakoak. Liburuen hizkuntzari dagokionez, gaztelania da nagusi (%76), eta jarraian euskara (%13) eta ingelesa (%4) daude. Orokorrean, bilduma oso eguneratuta dago, liburuen %64 baino gehiago 10 urtetik beherakoak dira eta.
Hauek dira Bilboko udal liburutegiek eskaintzen dituzten zerbitzu osagarrietako batzuk: etxez etxeko maileguak (sareko edozein zentrutan entregatzeko aukerarekin), katalogo automatizatua edo Internet bidezko kontsultak, beste liburutegi batzuetako agiritetarako irispidea, informazio eta aholkularitza, baliabide informatiko eta telematikoen erabilera, erreprografia eta kultura eta irakurketa sustatzeko ekitaldiak.
Últimos comentarios