Bizkaiko Foru Aldundiak Enpresari sariak banatu dizkie lurraldeko 21 gazteri, beraien enpresa proiektuak saritzeko
Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Trebakuntza Sailaren menpe dagoen DEMA Enpresa Sorkuntza eta Garapenerako Agentziak "Enpresari" programaren zortzigarren edizioari dagozkion sariak banatu ditu gaur. Ekimen honen helburu nagusia da Lanbide Heziketako eta Prestakuntza Zikloetako Bizkaiko ikasleei, nork bere negozioa edo enpresa sortuta, lan merkatuan sartzeko aukerak ematea.
DEMAko zuzendari-gerente Idoia Agirre arduratu da sariak hamar proiektuak egin dituzten 21 gazteei (13 mutil eta zortzi neska) banatzeaz. Lehenengo hiru sailkatuentzako saria 1.500, 1.200 eta 1.000 eurokoa izan da, hurrenez hurren; laugarrenetik hamargarrenera, 500 euro jaso dituzte eta gainerakoek, diplomak eta opariak. Bi hilabete iraun duen azken fasean beraien proiektuak egin dituzten Bizkaiko 28 hezkuntza-zentroetako 114 ikasleek eta 41 irakasleek jaso dituzte sari horiek. Edizio honetan aurkeztutako 209 enpresa-ideien artean aukeratutako 50 taldeek egin dituzte beraien proiektuak.
Saria jaso duten proiektuetatik hiru aisialdiko jardueren ingurukoak dira; beste bi, energia berriztagarriei buruzkoak, eta, gainerakoek elektrizitatea, nekazaritza (ernatuen ekoizpena), elikadura eta osasuna, ostalaritza eta ikus-entzunezkoak landu dituzte. "Garrantzitsuena da proiektu horietatik lauk laster martxan jarriko dituztela beraien enpresak, eta, beste bik, epe ertainera egiteko asmoa dutela", esan du Idoia Agirrek.
Gainera, lehenengo aldiz 400 euroko plus bat eman zaio euskaraz aurkeztu eta saria lortu duen proiektuari. Kasu honetan, Gorka Floresek eskuratu du; Otxarkoagako (Bilbo) prestakuntza zentrokoa da eta Erreka Untzia aisialdiko jarduerei buruzko proiektuarekin lortu du saria.
Últimos comentarios