LANGABEZIAK % 35 EGIN ZUEN GORA BILBON AZKEN URTEAN
Lan Ekintzak argitaratzen duen Ekintzaz izeneko egoerari buruzko hiru hilean behingo aldizkariak eskainitako 2009ko martxoko datuen arabera, lanik gabe dauden 20.963 pertsonak eman dute izena INEMen. Kopuru horiek ez ziren 1997az geroztik eman eta hazkundea % 35ekoa da, urtebete lehenago izena eman zuten langileen kopuruarekin alderatuta; hori dela-eta, langabezia-tasa % 13,3an dago.
Gizarte Segurantzan afiliatutako pertsona guztien kopurua 176.100ekoa zen martxoaren bukaeran Bilbon. Zifra hau 2008ko martxoan erregistratutakoarekin alderatuta, % 2,6 jaitsi dela esan nahi du. Horrez gain, kontratu-formalizazioan jaitsiera mantendu egin da. Urteko lehenengo hiruhilekoan 26.110 kontratu sinatu ziren, eta horietatik % 54 emakumeentzat izan ziren. Joan den urteko martxoarekin alderatuta, kontratu-formalizazioa % 25 jaitsi da. Jaitsiera hori, gehienbat, gizonezkoetan izan da.
Kontratuak Industrian, Merkataritzan, Zerbitzu Pertsonalen jardueran, Ondasun Higiezinetako Jardueran eta Enpresentzako Zerbitzuan jaitsi dira; baina, Energian, Garraio eta Komunikazioetan, Administrazio Publikoan eta Hezkuntzan, aldiz, igo egin dira.
Bilbon indarrean zeuden jarduera ekonomikoen kopurua 38.240koa zen martxoan. Kopuru horrek % 0,3 jaitsi dela esan nahi du, eta azken 10 urteetan egon den goranzko joera hautsi egin dela. Sektoreka, txikikazko merkataritzak 119 lizentzia galdu ditu urtebetean, batez ere, Elikadura, Ehunkiak eta Oinetakoak, Etxeko Ekipamendua eta Eraikuntza sailetan. Jarduerarik dinamikoenak Finantza-erakundeekin eta Aseguruekin zerikusia dutenak dira; eta Farmaziak, Erostetxe Handiak eta Bazarrak, eta Ostalaritza ere igo egin dira.
Barruti eta auzoka, jarduera enpresarialak igo egin dira Abandon (103) eta Uribarrin (5); baina, gainerako barrutietan jaitsi egin dira, batik bat hauetan: Deustun (60), Errekalden (19), Ibaiondon (17), Otxarkoaga-Txurdinagan (12), Begoñan (11) eta Basurtu-Zorrotzan (9).
Últimos comentarios