BILBOKO UDAL MERKATUEK ESKOLA-IKASLEEI ZUZENDUTAKO ‘ELIKADURA OSASUNGARRIARI BURUZKO IKASTAROA’ ABIARAZI DU SLOW FOOD ETA KIUBEN LAGUNTZAZ
Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailaren menpeko Udal Merkatuek, Slow Food Elkartearekin eta Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoarekin lankidetzan, neska-mutilei zuzendutako “Elikadura Osasungarriari buruzko Ikastaroa” abiarazi dute.
Ekimen hau, Lehen Hezkuntzako ikasleekin osasun eta kontsumo alorreko gaiak lantzeko premiari erantzunez gauzatu da. Horretarako, Slow Food Elkarteko kide diren izen eta ospe handiko sukaldariek nutrizio-ohitura osasungarriak eta kontsumo arduratsua sustatuko dituzte ikasleen artean, “Slow Food” mugimenduaren filosofiari jarraituz.
Programa azaroaren 17an hasiko da Erriberako udal merkatuan Mugica Solokoetxe ikastetxearen partaidetzaz, eta urtarrilaren 14an amaituko da Otxarkoagako merkatuan Francisco de Goya ikastetxearen partaidetzaz.
Ikastaro honen bitartez, eskola-ikasleek elikadura garbia, osasungarria eta bidezkoa izateko behar dituzten ezaguerak eta ohitura osasungarriak hartuko dituzte. Ekimena azaroan, abenduan eta urtarrilean mamituko da, martitzenetan, eguaztenetan eta eguenetan.
Hauexek dira programaren helburu espezifikoak: bertako elikadura-ondarea ezagutarazi eta defendatzea eta kalitatezko elikagaien balioa nabarmentzea, bai eta bertako ekoizleek bioaniztasuna eta ingurumenaren alde egiten duten lan eskerga aldarrikatzea ere. Ildo honetan, baserritarrek gizartean errekonozimendu handiagoa izatearen alde lan egingo da.
Merkatuan bisitari
Azkenik, dieta osasungarri, elikagarri eta orekatua egiteak duen garrantziaz jabetzeko, askaltzeko errezeta erraz bat landuko da sukaldariaren laguntzaz.
Ikasleen partehartzea ezinbestekoa da ezarritako helburuak betetzeko. Horrela, neska-mutilen jakinmina eta bertan egingo dituzten galderei esker, nork bere ingurunera hedatzeko moduko ezaguerak hartuko dituzte.
Sei dira ekimen honetan parte hartuko duten udal merkatuak: Erribera, Zabalgunea, San Ignazio, Deustu, Labayru eta Otxarkoaga. Horiekin batera, zortzi ikastetxek ere parte hartuko dute, bakoitzaren hurbiltasuna eta aldez aurreko jarreraren arabera.
Ikastaroan, merkatu bat bisitatzea ere aurreikusi da, Lehen Hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailetako eskola-ikasleek ekipamenduaren historia eta egiturari dagozkien alderdi desberdinak ikasi eta Bilboko merkataritza-historia labur-labur ezagutzeko aukera izan dezaten. Ikustaldi hori unitate didaktiko baten egiturari jarraituz burutuko da, eta horri esker, elikadura-piramidearen garrantzia nabarmendu eta saltoki desberdinak bisitatuko dira produktuak ezagutzeko. Kasu praktikoak ere landuko dira.
Últimos comentarios