Giza eskubideei buruz hitz egiten
Xirimiri
Abenduaren 10ra egun berezi bat dugu. Duela 60 urte -1948an- agertu zen, Naciones Unidas erakundeak asmaturik, Giza Eskubideen dokumentua. Ordutik gaur egunera 61 urte, baina paper eta hitzetan joan diranak.
Giza eskubideak aldarrikatzen diren egun honek aldaketa sakon bat eskatzen digu, gure arteko harremanetan batez ere.
Eskubide horietatik bizitza errespetatzearena da garrantzitsuena, eta hau modu desberdinetan adierazten dugu.
Baina, gure estatutik atera gabe, 2009. urtean, eta oraindik ez diogu bukaera eman, hirurogeitahamabi emakume, gizonen indarkeriak eraginda hil dira; edo hobe esanda erahil egin dituzte.
Modu desberdinetan baina beti, arazo berdina: bestearen kontrako grina, gorrotoa.
Baina, zer dago buruan pertsona batek beste bat erahiltzen duenean?
Hiltzaileak badaki, harrapatzen baldin badute, urte mordoxka bat pasa beharko dituela espetxean. Baina, espetxeetako egoera ikusita, zer biziko du han dagoen bitartean? Ez dut sinisten ezer onik lortuko duenik, ez. Inork ez du denbora askorik emango hiltzailearen nortasuna aztertzen edo eta aurrerantzean egin beharrekoak adierazten.
Espetxeetako sistemak ez du ezer lortzen, barruan daudenen bizitzak desegitea baizik. Horretxegatik, espetxeetatik ateratzen direnean, leku madarikatu hauetan sartu aurretik zituzten jokaerak errepikatzeko ez dute zailtasunik edukiko. Beste era batera jokatzeko ez dute ezer ikasi eta.
Baina, zer edo zer egin beharko da jokaera hauek murrizten joan daitezen. Heziketaren arloan giza-baloreetan geroz eta gehiago oinarrituakoa izan beharko da zerbait lortu nahi izanez gero, bestela jai dugu.
Adibide moduan: Zenbat eta zenbat bikote, ezkondurik egon hala ez, bizi dira mendekotasunarenpean? Zenbat eta zenbat bikote bizi dira harreman menperatzaileenpean? Zenbat eta zenbat aldiz entzuten dugu “ez dit uzten hau edo bestea egitea”? Guzti honek irauten duen bitartean ez dugu aurrera egingo.
JOSEBA BAKAIKOA
Últimos comentarios