LILURATURIK ITZULI NAIZ
Xirimiri
Andaluzian zehar –Malaga eta Sevillan batez ere- ibili naiz urriko zubi luze honetan, hots 9tik 12ra eta liluraturik itzuli naiz.
Andaluziako jende askoren artean iraultzaren biderako ateak irekita daude, ez daudelako gauzak bere horretan onartzeko prest. Pobrezia sakon batean bizi dira asko, baina beti ere itxaropenez beterik.
Sevillan, “Palacio de Congresos” delako eraikin itzelean, mila pertsona baino gehiago bildu ginen. Estatuko leku guztietatik joandakoak, itxura eta mota guztietako jendea. Zertarako bildu horrenbeste pertsona? “Espitualitateak eta etikak beste mundu posible baterako” leloa ikurritzat hartuz eztabaida taldetan lanean jardun ginen. Gure mundu hau aldatzeko hartu behar ditugun bideetaz oso hizketaldi sakon eta ederrak izan genituen, askapenaren teologian barna ere ibili ginelarik. Baina, batez ere, ugari izan genituen eztabaida topaketak gertatu ziren sakonak. Pobrezia 0, askapena –mota guztietakoa- nola bizi e.a. Eta egunei bukaera emateko, jaigiroa. Afrika, Hego Amerika eta Europako leku desberdinetatik etorritako musikalari eta dantzariak.
Topaketaren amaieran, 12ko eguerdian, Espainiako militarrak Madrilen bereak egiten ari zirenean, guk geurea Sevillan. Ia ia bi mila pertsona kolore alaiez jantzirik eta dantzatzen –batukada talde handi batek alaitzen zuen giroa, Sevillako kaleetan barna gindoazela, udaletxera iritsi arte. Gure martxaren aurrealdean, pankarta handi batek zera zioen: “Gure ama lurraren alde eta bizitzaren merkaturatzearen kontra” idatzita. Bukatzeko, pertsona batzuren hitzak eta ni hauekin geratu nintzen: “Pakearen Nobel saria ez datorkio egoki Obamari, beste mundu berri baten alde beren bizitzak eman dutenei, horiei bai datorkie egoki”. Hainbeste dira!
Honetan bukatu ziren hango lanak, baina orain bakoitzak bere bizi-lekuan egin beharko du berea. Konturatu al zara igaro astean, 12tik 18ra, “Pobreziaren aurka”ko astea izan dela. Eta? 1000 miloi pertsona pobrezia gorrian bizi dela mundu honetan. Eta? Bost axola zaigu? Aldaketa sakon bati ekin beharko diogu denok , beste mundu berri batera iritsi ahal izateko.
Últimos comentarios