UDAL ETXEBIZITZAK ERAKUNDEAK ETA LAN EKINTZA-BILBAOK OTXARKOAGARA ZABALDU DUTE ENPRESA-JARDUERETARAKO LOKALAK ESKURATZEKO PROGRAMA
Enpresa-jardueretarako udal lokalak eskuratzeko Programak Otxarkoaga auzoa barne hartuko du hemendik aurrera. Programaren helburua da aplikatutako eremua ekonomikoki eta sozialki dinamizatzea, betiere, ingurua hobetzen eta enplegua sortzen lagunduko duten inbertsioak sortuz.
Programa Otxarkoagara zabaltzeko prozesua gaur ezarri da, sinatutako lankidetza hitzarmenaren bitartez. Hitzarmena Udal Etxebizitzak erakundeko presidente Julia Madrazok eta Lan Ekintza-Bilbaoko presidente Jon Sustatxak sinatu dute. Bi erakundeek konpromisoa hartu dute; horren arabera, Lan Ekintzak –ekonomia eta enplegua sustatzeko udal sozietatea– enpresa-proiektu egokienak aukeratzeko ardura izango du, eta Udal Etxebizitzak erakundeak, berriz, enpresa-jarduerarako higiezinak eskainiko ditu: hamar bat lokal Otxarkoagan; horiekin batera, beste hamasei izango dira Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan. Akordio honen nobedadea da lokalak alokatzeko aukera ematen duela, lehendik zegoen erosteko aukeraz gain.
Hitzarmenak hiru urteko indarraldia izango du. Era berean, konpromiso ekonomiko partekatua ere barne hartzen du; izan ere, Udal Etxebizitzak erakundeak, lokalez gain, 60.000 euro jarriko ditu eta Lan Ekintza-Bilbaok, berriz, 200.000 euro.
Programa hau abian jartzeak ingurua hobetzera eta enplegua sortzera bideratutako beste udal ekimen batzuk indartuko ditu. Esate baterako, “Imajina ezazu Otxarkoaga” planetik sortutakoak. Hain zuzen ere, ekimen hori auzoaren etorkizuna birdefinitzeko orduan herritarrek eta gizarte-eragile nahiz auzoetako agenteek izan beharreko partaidetzan oinarrituta dago, eta lehenengo proposamenak luze barik garatuko dira.
25 enpresa berri
Enpresa-jardueretarako udal lokalak eskuratzeko Programa 2004an jarri zen abian, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalarako, Lan Ekintza-Bilbao, Udal Etxebizitzak eta Surbisa udal sozietateek sustatuta. Urte horretatik, enpresa-jardueretarako 25 udal lokal esleitu dira guztira inguru horretan, eta beste horrenbeste enpresa ezarri dira. Merkataritza-jarduera hau abian jartzeak inbertsio garrantzitsuak eragin ditu lokalen zaharberritze lanetan eta ekipamendua eskuratzeko orduan; dena dela, hobekuntza handi eta nabarmena ekarri du bai inguru honen irudian zein etorkizunerako aukeretan.
Sortutako hogeita bost enpresetatik, gehienak aisialdi, arte eta kultura arlokoak dira (arkitektura estudioak, muralismoa, irudia, edizioa, aholkularitza…), eta 64 lanpostu zuzen sortu dituzte. Lokal hauetan instalatutako enpresen iraupen-tasa %90ekoa da. Enpresa-jardueretarako udal lokalen programak Europar Batasunak emandako “European Enterprise Award” sari ospetsua lortu zuen 2007. urtean, enpresa-garapenak bertako ekonomian izandako garrantzia eta administrazio publikoen eta enpresen arteko lankidetza aintzatetsiz.
Últimos comentarios