Sei euro lan egindako orduarengatik
Krisialdi sakon baten barruan gaudela esaten digute eta badirudi egia dela. Jende asko lan gabezian geratzen ari da. Irabazten dugun diruarekin, gero eta gauza guttiago eros dezakegu eta Banketxeak ez dira gutaz fidatzen. Eta honetan datza arazorik handiena, konfidantza arloan.
Denok, gero eta gauza gehiago eduki nahi dugu, gero eta hobexeago bizi nahi dugu eta hobe bizitzeko, gure barruan ez dauden gauzetan jartzen dugu gure pentsamendua, ahalmena eta azkenean, gure gogoa.
Pentsamendu hau medio, besteak gu bezalakoak ez direla uste dugu, ez dira benetako pertsonak; askotan, gure menpean egoteko ia ia esklaboak bezala hartzen ditugu.
Oso gogorra naiz pentsamendu hau botata? Ez dut uste eta horretarako eredu txiki bat, (hainbeste daude!), ekarri nahi dut hona.
Lanean nagoen Santa Marinako ospitalean, gero eta jende gehiago familiarik gabe izaten da. Lan egin behar da eta ez dago denborarik edo aukerarik, nahiz eta famiiakoak izan, gaixoekin egon ahal izateko. Eta zer egin? Bakardadean utzi? Askotan hau gertatzen da, ordu asko pasatzen dituzte gure gaixoek aldamenean inor ez dutelarik. Baina badago beste aukera bat. Burua argia izaten dugu beharrari aurre egin behar diogunean. Badira, zorigaitzez, beste lurraldeetatik etorri eta langabezian daudenak eta hoiengan erortzen da askok erantzun ezindako arduren zama. Baina familiakoengan dago, nahiz eta egoera larrian egon, erabakiak hartzeko eskumena. Beraiek jartzen dituzte baldintzak. Eta hauek nahiko gogorrak dira: egunean, zortzi orduz gaixoak zaintzen aritu eta lan egindako ordu bakoitzarengatik, sei euroko soldata jaso; inolako asegururik gabe; sei euro, besterik ez! Danok dakigu zein nekagarria den ospitale batean gaixo baten ondoan egotea eta langile hoiengan erortzen da ardura. Azkenean, gaixoa hiltzen bada, badakite zer datorkien ondoren. Kale gorria, besterik ez; beste gaixo bat zaindu arte.
Hau al da pertsonak garrantzitsuak izango garan gizarte bat lortzeko bidea? Ez dut uste eta ez baldin baditugu gure jarrerak aldatzen, ez dugu konfidantzan bizitzea inoiz lortuko.
JOSEBA BAKAIKOA
Últimos comentarios