OTXARKOAGAKO IRUMINETAKO PARKE BERRIAK 300 ETXEBIZITZA INGURUKO IRISGARRITASUNA KONPONDUKO DU
Otxarkoagako bizilagunek beste gune berde bat daukate auzoan: 42.700 metro karratuko parkea inauguratuko da Irumineta izeneko gunean. Ekintza horrekin Otxarkoaga auzoko berreskurapen integrala bukatu da eta, era berean, Irumineta-Arbolantxa auzoetako irisgarritasuna konpontzen da. Izan ere, parke berritik sartu ahal izango dira larrialdietako ibilgailuak eta anbulantziak gune horretako 300 etxebizitza ingurura iristeko.
Proiektu hau garatzeko ezinbestekoa izan da auzoko familien elkartearekin eta gainontzeko auzo- elkarteekin lortutako adostasuna.
Espazio hau sortzea Bilboko Udalaren helburua izan da, uriko auzoak hobetzeko eta aisialdiko espazio eta azpiegitura berriak emateko, bai eta uriko Gune Berdea egiteko ere, Bilboko barrutietan eta auzoetan parke berriak eraikiz. Horrela, bada, 42.700 metro karratu horiek eta oraintsu inauguratu diren Gaztelapiko, Araneko, Zorrozgoiti eta Etxezuri parkeekin batera, Gune Berdea eta bilbotarrek erabil ditzaketen milaka metro karratu berdeak zabaltzen dituzte. Bilbok gune berdeko 24 metro karratu dauzka biztanle bakoitzeko, eta horrek Europako gomendioa bikoizten du, biztanle bakoitzeko 15 metro karratu gomendatzen baitira.
Parke berria gune horretan dagoen ibarrean dago. Zuhaitz ugari landatu dira, itzala emateko eta gune osoa edertzeko, eta egonaldia atseginagoa egiteko. Hainbat altzari jarri dira: mahaiak, eserlekuak, iturri bat eta paperontziak.
Parkeko beheko aldean laku txiki bat egin da. Hor, euri-ura bilduko da eta gune berdeak ureztatzeko erabili ahal izango da. Ekintza horrekin, ingurumenaren oreka bultzatuko da eta kontsumo-sareko ura aurreztuko da. Espazioa osatzeko, umeentzako jokoen gune bi jarri da, txikiek etxetik gertu jolas dezaten. Helduek ariketak egiteko aparatuen gunea ere instalatu da.
Oinezkoentzako eta ibilgailuentzako bideak
Oinezkoentzako zenbait bidek (945 metro lineal) parkea zeharkatzen dute. Horrela, inguruko etxebizitzak, Arbolantxa zeharkaleko eta Txotena kaleko etxebizitzak parke honekin komunikatuta egongo dira. Oinezkoentzako pentsatuta dauden arren, bide horietatik larrialdietako ibilgailuak ibil daitezke, adibidez anbulantziak edo suhiltzaileen ibilgailuak.
Beste alde batetik, 550 metro lineal dauzkan bide batek parkea zeharkatzen du eta Otxarkoagako gune horretako goiko aldea eta beheko aldea lotzen ditu. Ibilgailuak bide horretatik ibil daitezke, irisgarritasunaren inguruko legeak betetzen baititu.
Ekintza honen beste helburu bat auzokoentzako aparkatzeko lekuak sortzea da. Horrela, 87 plazako aparkalekua egin da eta, ibilgailuentzako erreian zeharka aparkatzeko egokitu diren lekuei esker beste 132 plaza egin dira. Lur gaineko 230 plaza berriak, Auzoko Aparkaleku Planean aurre ikusita daude. Ekintza hori 14 hilabetetan bukatu da eta gutxi gorabehera 2.800.000 euro inbertitu dira.
Últimos comentarios