BILBOKO UDALAK ESZENA-PRODUKZIOA BULTZATZEKO ZENTROA SORTUKO DU OTXARKOAGAKO ELIZA ZAHARREAN
Bilboko Udalak eszena-sormen eta –produkziorako laguntza-zentroa prestatuko du Otxarkoagako eliza zaharreko lokaletan. Datozen hilabeteetan, eraikina barrutik berritzeko lanak egingo dira, sektore eszenikoak denbora luzez eskatutako egitura sortze aldera. Modu horretan, Otxarkoagako jarduera ekonomikoa, soziala eta kulturala hobetzearekin batera, Bilboko auzo jendetsu horren irudi berria zabalduko da.
Produkzio Eszeniko Profesionaleko Berrikuntza Zentro (PEPBZ) berria arlo horretako egungo politika osatzeko sortu da, eta aurrerapausoa izango da Bilbo “antzerkiaren hiri” bihurtzeko egindako ahaleginean, ikuskizun eszenikoen prestakuntza, sormena eta erakusketa jorratzeko azpiegiturak izango baititu.
Bilbon, egun, badira azpiegitura publiko eta pribatu espezializatu garrantzitsuak, batez ere ikuskizun eszenikoak zabaltzen dituztenak; hala nola, Arriaga Antzokia, Euskalduna Jauregia, duela gutxi berriztatutako Campos Eliseos Antzokia eta BBK aretoa, Bilborock edota La Fundición. Gainera, Arriaga Antzokia eszenaren produkzio-zentrorik garrantzitsuena izatera iritsi da Euskadin.
Aldi berean, jaialdien (BAD —abangoardiako antzerkia eta dantza—, Kalealdia eta Kaleszena —kale-antzerkia—) inguruko udal-politikak bizitasuna ematen dio sektoreari. Haurren antzerkia sustatzeko kanpaina ezberdinekin publiko berriak sortzen dira, eta BilbaoEszena antzerki-baliabideen udal-zentroa, Egoitza Eszenikoen kanpaina eta Zirkuituaren egitarau deszentralizatuak bezalakoek tokiko konpainia zaleak ikuskizun eszenikoak ekoiztera eta erakustera bultzatzen dituzte.
Últimos comentarios