BIKTIMEN OROIMENARI BURUZKO ARAZOEN INGURUAN
EAJ alderdiak ez du onartzen Euskadiko Parlamentuan gai honi buruz aurkeztu den zirriborro agiria eta PSOE alderdiak berriz, ahal bezain pronto jarri nahi du martxan.
Biktimak ikastetxetan ager daitezela proposatzen du agiri honek.
Nire ustez, arduradun politikoek ez dute sakonki landu zirriborro hau eta hortik dator ezadostasun hau. Oso gai korapilatsu baten aurrean aurkitzen gara.
Guzti honen iguruan oroimenak oso paper sakona jokatzen du eta ez da azaleko kontu bat. Batzuk gehiegi ahaztu dela uste dute eta bestalde, beste batzuk ezin daitekeela gaia gehiegi puztu.
Argi bistakoa da ezadostasuna, eta ondorioetako bat pertsonak eta alderdiak aurrez aurre jartzeko egoerak ematea. Hori gertatzeko arrisku handi bat dago eta kontutan eduki beharko da, honelakoak ekiditeko.
Oroitzea, eginbeharrekoa da, baina baita ahaztea ere. 1936an gertatu zena ezin da ahaztu, baina ezin dezakegu berpiztu orain. Batzuren ustez oroitzeak, garai hartako gorrotoak berriro sentitzea eta berpiztea dakar. Nire ustetan hori ez da bide on bat. Oroimen hori eguneratu eta kritika sakon bat egin behar zaio guzti hari baina aldi berean, baita garai hartako egoera konplexuan kokatu. Konponezinezkoak baldin baziren garai hartako jarrerak orain ere halatsu; baina betirako ibili beharko ote gara horrela?
Oso errealitate konplexua da baina ezin gaitezke gehiegikeritean ibili ez oroimenean eta ez ahaztean ere. Kontu handiz ibili behar garela uste dut eta gure politikoak ez dabiltza horrela.
Polemikak inguratuta mugitzen baldin badira, pakearen eta elkarbizitzaren aldeko pauso gutxi emango dira eta horretara bideratuta eman behar dira ematen diren pausoak , bestela aukera eder bat galduko dugu berriro. Nahi genuenaren kontrakoa izango baita bestela emaitza. Oroimena bai baina baita ahaztea ere.
Alderdi politiko bat, berdin zait zein, baina alderdi politikoa baldin bada iniziatiba hartu eta honelako asmo bat aurrera atera nahi duena, porrot egingo du. Honetan lidergoa ezin dute eraman politikoek, baten asmoa besteak zapuztuko duelako beti, eta susmo txarrak egongo direlako beti tartean. Gizarte mailan gainditzen ez den bitartean, aginduen eta legeen bitartez ezer ez da lasaituko. Nire ustez lider sozialak behar dira benetako pausoak emango dituztenak, horiek badute oraindik sinesgarritasuna baina politikoek ez. Eta ondoren has gaitezke lehengo kontuez beste era batera hitzegiten, bitartean ez, itxi gabeko zauri asko baitago eta sendatu ezean puzturratu egiten dira zauriak.
Últimos comentarios