ZUTIK ZEGOEN ZUHAITZA
Duela egun batzu (hilaren 2an), zutik zegoen zuhaitz eder bat hil zitzaigun. Enbor loditxoa baina oso bizia zen bera. Gure lurrean hasi, hazi eta hezia. Joxemiel Bidador zen bera, 40 urte bete gabeak zituen oraindik.
Altsasun bizi izan zen, Kaputxinook geneukan seminarioan, 1981tik 1984ra , berak hamar urte zeuzkanetik hamairura bitartean
Garai hartan, bolondres moduan euskarazko klaseak ematen genituen eta bera hutsetik hasi eta ekin zion ikasteari. Gure hizkuntza hain gustoko egin zitzaionez sekula ez zion utzi hasitako bideari.
Arrez geroztik bere zuztarrak ikertzen jarraitu zuen eta ez zion inoiz lan honi amore eman. Are gehiago, etorkizunera begira asmo ugari zituen.
Joxemielek asko maite zuen gure Sakana eta bere barrenean ondo zuztartuta zeukan gure lurraldea. Horrexegatik, Sakanako Euskal Idazleen Antologia liburua idatzi zuen. Denbora asko eskaini zion lan honi eta gure herrietako pertsona askorekin elkartu zen liburu eder hau argitaratzeko.
Gure hizkuntzaren etorkizunak enbor eder bat galdu du betirako eta honek, laguna izateagatik eta gure hizkuntza maite dudalako ere, mina ematen dit. Baina onartzen dut eta bihotz-bihotzetik hauxe diot: Agur eta ohore Joxemiel.
Zutik zegoen zuhaitza erori zaigu.
Itxaropenez beterik zegoen zuhaitza,
udaberria gertu, berriro loratzeko gogoan,
ez da gure bistan loratuko.
Ez dugu gure artean gehiago ikusiko.
Baina bai, gure bihotzetan loratuko da,
betirako izango dugu gure artean.
Gure barruan bere txokoa zeukana
ez du bere lekua galduko.
Eta gu, aurrerantzean,
itxaropenez beterik,
bere bizitzak emango digun indarrez
gure bidea, gero eta zabalagoa, egingo dugu.
Danok Jaungoikoaren eskuetan geratu arte.
Últimos comentarios