PAU CASALS KALEA ZATIKA MOZTUKO DA OTXARKOAGAKO METRO-GELTOKIAREN ERAIKUNTZA ERRAZTEKO
Bilboko Udalak jakinarazi nahi du, martitzenean hasi, azaroak 16, eta ondorengo bi urteetan, gutxi gorabehera, ibilgailuen zirkulazioa zatika etengo dela Pau Casals kalean, Kepa Enbeita Plazaren parean, Otxarkoaga auzoaren erdialdeko metro-sarbidearen eraikuntza-lanak errazteko asmoz.
Pau Casals kaleko trafiko-etenak Kepa Enbeita Plazaren bide-tarte osoa hartuko du, Zizeruenea kaletik Larratundu kaleraino. Metroaren 3. Lineako sarbidearen eraikuntza-lanak amaitu arte, galtzada okupatuko da —lehendabizi Otxarkoagaranzko erreia eta gero bestea—, baita espaloia eta lur gaineko aparkalekua ere jarduketa-eremu osoan.
Ibilgailuen zirkulazioa bere horretan mantenduko da une oro Txurdinagarako noranzkoan (Artalandioko biribilgunerantz). Bestalde, kontrako norabidean doazen ibilgailuak Zizeruenea eta Larratundu kaleetan zehar desbideratu beharko dira.
Bilbobusen kasuan, behin-behineko semaforoa ezarriko da, joan-etorriko ibilbideak Pau Casals kalean mantentzeko eta autobusen erabiltzaileen gaineko eragozpenak galerazteko.
Azkenik, behin-behineko igarobideak ezarriko dira lanak amaitu arte, oinezkoen joan-etorriak bermatzearren.
Metroaren 3. Linea
Pau Casals kalearen zatikako okupazioa, 2013az geroztik Otxarkoaga, Txurdinaga eta Uribarri auzoak Uriko erdialdearekin lotuko dituen metroaren 3. Lineako sarbidearen eraikuntzak eragin du.
Auzo bakoitzak bere geltokia izango du, Norman Fosterrek proiektatutako arkitektura-estiloaren araberakoa. Bilboko udalerriko geltoki guztiak lurpekoak izango dira, eta Alde Zaharreko geltokian, 1. eta 2. Lineekin bat egiteko aukera egongo da.
3. Linearen eraikuntza erdibana finantzatuko dute Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, eta Europar Batasunaren EGEF Funtsaren laguntza ere jaso du. Guztira, 185 milioi euro inbertitu dira, eta line honi esker, 70.000 lagunek baino gehiagok etxetik bost minutura izango dute metro geltokia.
Últimos comentarios