Abbé Pierre eta Emausko Traperoak
XIRIMIRI
Duela 23 urte, 1987ko uztailean, Sakanako herrietan zehar 35 pertsonaz osatutako gazte talde bat ibili zen lanean. Erdiak Altsasukoak (17 lagun), eta besteak han-hemengoak: Urdiain (1) Iruña (7, eta horietako 3 Emausko Traperoak ziren), Logroño (1), Bilbo (4), Madril (3) eta Zaragoza (2).
Mertxe Arakamak zeukan etxean bizi ginen denok. Han egiten genituen gure otorduak, baita lo ere. Mertxeren etxea desagertu da, bertan etxe berriak eraiki baitira, baina hortik pasatzean han bizi izandako une ederrak etortzen zaizkit gogora oraindik ere!
Nahiko arraroa zen garai hartan gu egiten ari ginen lan hori. Etxez etze, dendaz denda eta edozein lekutan soberan ziren gauzak biltzen genituen, eta gero, kamioi batean, Kaputxinook dauzkagun frontoietara eramaten genuen dena.
Gero, bildutako guztia bereizi egin behar zen: papera eta kartoiak leku batean, txatarra beste batean, eta balioko ziren gauzak beste batean. Eta saltoki edo merkatua, azkenik, Iortia dagoen kultur etxean –lehen eskolak ziren– jarri genuen. Benetako saltzaileak bihurtu ginen han.
Sekulako garbiketa egin genuen Sakanako herrietan. Inoiz ez zen horrelakorik egin eta uste dut oso zaila izango dela horrelako esperientzia berriro egitea. Eta gogoratzen naiz, izandako gastu guztiak ordaindu ondoren, 200.000 pezeta geratu zitzaizkigula. Eta orain barregarri irudi badezake ere, dirutza zen garai hartako!
Geroztik bilketa beste modu batean egiten dute Emausko Traperoek, baina bilketa honen sustraia uda hartan bizi izandako esperientzian dago; argi eta garbi!
Eta ez nuke testu hau amaitu nahi esperientzia horren iturburuan dagoen pertsona aipatu gabe: Abbé Pierre. Berak sortu zuen Emaus mugimendua, Frantzian, Bigarren Mundu Gerraren ondoren. Gizon handia, benetan. Pobreen aldeko lan eskerga egiteaz gain, salatu beharrekoak oztoporik gabe salatzen zituen, aitzakiarik gabe. Nahiz eta oso zaila izan, berarentzat ez zuen ezer gorde. Duela urtebete hil zen, 2007ko urtarrilaren 22an. Eta joan bazaigu ere, mezu argi bat utzi digu: besteak maitatzea dela bizitzan egin dezakegun gauzarik inportanteena.
1 respuesta
[…] Abbé Pierre eta Emausko Traperoak Duela 23 urte, 1987ko uztailean, Sakanako herrietan zehar 35 pertsonaz osatutako gazte talde bat ibili zen lanean. Erdiak Altsasukoak (17 lagun), eta besteak han-hemengoak: Urdiain (1) Iruña (7, eta horietako 3 Emausko Traperoak ziren), Logroño (1), Bilbo (4), Madril (3) eta Zaragoza (2). […]