EXPODISTRITOK, FORMATU HANDIKO AIREKO ARGAZKIEN BITARTEZ, BILBOK AZKEN 50 URTEETAN IZAN DUEN ERALDAKETA ERAKUTSIKO DUEN ERAKUSKETA INAUGURATUKO DU ASTELEHENEAN BEGOÑAKO UDALTEGIAN
Bilbok eta bertako auzoek azken urteetan izan duten eraldaketa sakona da Bilboko udaleko Kultura eta Hezkuntza Saileko EXPODISTRITO programa barruko argazki erakusketa berriaren ardatza. Barrutietako Udaltegietako aldi baterako erakusketa ziklo horrek astelehen honetan, urtarrilaren 31N, inauguratuko du Begoñako Udaltegian, gure Hiriak azken mende erdian izan duen bilakaera airetik ikusita erakusten duen argazki bilduma.
Bilbao, 50 urteko hiri eraldaketa “Auzoetako atzoko eta gaurko irudiak” formatu handiko aireko 20 argazkik (100 x 70 cm) osatutako bilduma da. Argazki horiek gure Hiriko zenbait leku erakusten dituzte, orain 50 urte eta gaur egun. Hiriak epe horretan bizi izan duen eraldaketa sakona arlo fisikoan eta urbanoan islatzen da, eta haren atzean gertatu den aldaketa ekonomiko, sozial eta gizatiar handiari buruzko gogoeta egitera eramaten gaitu.
Argazkiak gune hauetakoak dira: Indautxu (1965), San Inazio-Ibarrekolanda (1959), Begoña (1959), Campo Volantín (1967), Santutxu (1971), Otxarkoaga (1965), Deustuko Zubia (1959), Abandoibarra (1968), Errekalde (1968) eta Basurtu (1969). 2011. urte honen hasieran berriro ere auzo horien argazkiak atera dira, atzera begirako hau burutu ahal izateko.
Erakusketa otsailaren 11ra arte egongo da Begoñako udaltegian, eta ondoren San Inazio – Ibarrekolandako (otsailaren 14tik 28ra), San Frantziskoko (martxoaren 1etik 15era), eta Otxarkoagako (martxoaren 16tik 31ra) Udaltegietan bisitatu ahal izango da.
Bilboko Udalak sustatutako argazki erakusketak FOAT-en eta Estudios Dureroren laguntza du.
“Expodistrito” Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta bere helburuen artean hiribilduko arte adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea daude, eta baita jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere. Erakusketa bakoitzaren egun zehatzak udaltegietan, udalaren web gunean (www.bilbao.net) eta 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.
Últimos comentarios