BILBOKO UDALAK “IMAJINATU OTXARKOAGA” PLANA MADRILEN AURKEZTUKO DU, BIZIKIDETZAREN ADIBIDE GISA
Bilboko Udalak martxoaren 10 eta 11an “Imajinatu Otxarkoaga" Plan Komunitarioa aurkeztuko du, auzokoen arteko bizikidetza eta kolektibo baztertuenak gizarteratzeko adibide gisa.
Horrela, Bilboko Udala Madrilgo Komunitatearen Auzokoen Asistentziarako Zerbitzuak (ASIVECAM) garapen komunitarioari buruz antolatutako jardunaldi profesionaletara joango da, autonomia erkidego eta udal desberdinek etxebizitza eta gizarteratzearen alorretan garatutako politika desberdinak zabaltzeko eta ezagutarazteko asmoz, horrekin elkartrukerako eremua osatuz.
Hala, Bilbo hainbat organismo eta herri-erakunderekin batera egongo da jardunaldi hauetan, hala nola, Andaluziako Junta, Madrilgo Komunitatea, Valentziako Generalitat, Galiziako Xunta eta Madril, Zaragoza eta Alacant hirietako udalak. Gizarteratze, hiritar parte-hartze eta garapen komunitarioko programetako 200 arduradun politiko eta tekniko ingururi zuzenduta daude.
Hiritarren Partaidetza eta Barruti Kontseiluetako kide bat bertan egongo da Bilboko Udalaren ordezkari gisa. Bere zeregina "Imajinatu Otxarkoaga” Plan Komunitarioa ezagutzera ematea da, pertsonen eta kolektibo baztertuenen bizikidetza hobetzeko praktika onen adibide gisa.
Guztion eta guztiontzako plana
Hiritarren parte-hartzea sustatzea eta gizarte-kohesioa bultzatzea “Imajinatu Otxarkoaga” plan komunitarioaren oinarriak dira. Horren bitartez, auzoaren etorkizuna berriro zehazteko proposamen multzoa ezarri da, 1.000 lagun baino gehiagok parte hartu dutelarik.
2009ko amaieran Bilboko Udalak hiritarren parte-hartzean eta gizarte-eragileen nahiz auzokoen inplikazioan oinarrituz abian jarri zuen Otxarkoaga auzunearen etorkizuna imajinatzeko honako proiektu hau. Horrez geroztik, Plan Komunitarioaren esparruaren barruan hainbat ekimen garatu du, betiere bizikidetza hobetzera bideratuta.
Últimos comentarios