JAKINGO BANU…
XIRIMIRI
Jakingo banu zergatik erahil duten hainbeste jende
zergatik dagoen hainbeste jende sakabanaturik
gero eta espetxe gehiagotan,
jakingo banu noiz bukatuko den gorrotoa,
noiz arte iraungo duen Madrilgo botereak
bere ikusmira ezartzen jakingo banu.
Gure herriaren nortasuna eta hizkuntza
nola hedatu jakingo banu.
Baina badakit gure Euskal Herriak
ez duela inoiz bere askatasuna lortuko
gorrotoaren bideetatik jarraitzen baldin badugu.
Badakit zentzurik gabe hiltzen direnak
beren hiltzaileen kontzientzian sarturik geratuko direla
Badakit herri bezala bizi nahi dugula,
gero eta irekiagoak ditugu gure ateak,
baina ez dakit gure bihotzak ere horrela ote dauden,
prest ote gauden albokoa entzuteko.
Gure herria ez da betidanik eta betirako berdin izango.
Bakoitzaren nortasuna bizitzan zehar aldatzen badugu
zergatik ez onartu herrietako nortasunarekin
berdin pasatzen dela?
Oinarri hau onartuko bagenu,
benetako itxaropenaren bideetatik abiatuko ginateke.
Kostagarria izan daiteke bai,
gaztelu eta harresi asko bota beharko ditugu.
Belarriak ireki, besteen ideiak zeintzu diren jakiteko
eta armak bota, benetako bakearen bila ibil gaitezen
Beldur ote gara?
Entzungor eta itsu, erosoago ote goaz?
Denok entzungor, denok itsu,
bakoitzak berea entzunez, bakoitzak berea ikusiz
Jakingo banu bihotz-barrua minik egin gabe ustu,
jakingo bazenu entzun, jakingo banu entzun,
jakingo bazenu
zure bihotz-barrua minik egin gabe ustutzen.
Ikasiko ote dugu?
Bide luzea daramagu,
bide-gurutze zailak tokatu zaizkigu
eta bidean darraigu,
bidean jarraitu nahi dugu,
nik, bidean jarraitu nahi dut, bilatuz,
erorita ere altxatuz, trapu eginda ere onartuz,
baina beti aurrera jarraituz. Hor ote dago koska?
Danok nahi ote dugu herri bezala aurrera joatea?
Últimos comentarios