KULTUR DESBERDINAK ELKARTZEKO BIDEA
XIRIMIRI
Izenburu honekin hasera eman nahi diet kurtso honetako nere idazkiei. Kultur arloan uste dut badugula gure gordiar korapiloa. Eta lehenbiziko puntu bezala, zera esan nahi dut: ez dago besteak baino garrantzitsuago den kulturarik, ez! Bakoitzak bere nortasuna dauka eta hau onartzea bide eder bati ekiteko modua litzateke.
Gaur sakontasun haundiko emakume bati buruz hitz egin nahi dizuet: Rosalina Tuyuc. Bera maia kulturaren alde ibili da beti lanean, bere herriaren duintasunaren alde. Zertan ari den oso argi dauka: belaunaldi berriek gauregungoan baino egoeran hobean egongo den herri bat izan dezaten lanean jarraitzea.
Berak dioenez “gauzarik handiena kultur adierazpen desberdinen errealitatea da”. Eta honen aurrean, “baztertze egoera eta arrazakeria bizirik dagoen sistema, hesirik gogorrena ditugu”.
“Aurrerabidearen abiadurari jarraitu behar diogu; eta prozesu hau, gure nortasuna dugula eta herri bat osatzen dugula ahaztu gabe, hau da identitatea landuz egin behar dugu”.
Eta kultur arloari helduta, denoi erronka bat bota digu: “Erantzunkizun sakon bat dugu gure artean, gure etxeetan eta eskoletan, gure gazteria gure kulturak eskatzen duen nortasunean hezi behar dugu”.
Gauzarik garrantzitsuenetako bat bizitza bizitzea da, gure ibai, mendi eta herrietako arnasa hartuz; inoren beldur izan gabe. A ze nolako erronka, baina gure eskutan, ez besteenetan, dago gure nortasunaren etorkizuna.
Datorren Urriaren 18an. “Nafarroa Oinez” jaia ospatuko dugu Etxarrin. Aurtengo leloa badakigu zein den: “Txikiak handi”. Lelo hau, Rosalina Tuyuc eta gure ikastolaren jaia ildo berean doazela ikusten dut. Jendetza bilduko da gure herrian egun honetan, baina milaka hauetatik zenbat eta nola izango dira edo gara arlo honetan egunez egun lan egiteko prest?
Últimos comentarios