UDAL ETXEBIZITZAK ERAKUNDEAK PISU BAT LAGA DU OTXARKOAGAN, HARROBIA ARTE ESZENIKOEN ZENTROARENTZAT
Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak lankidetza akordioa sinatu du Eskena elkartearekin (Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak), Otxarkoagan udal pisu bat lagatzeko, Harrobia programaren barruan, produkzio eszeniko profesionalaren arloko Berrikuntza Zentro bat irekitzeko proiekturako laguntza gisa.
Eskena elkarteak irabazi asmorik gabe kudeatuko du zentroa, eta auzoan sorkuntza artistikoa sustatzeaz eta babesteaz arduratuko da; horretarako, antzezlanak eta prozesu eszeniko osoak hartzeko beharrezkoak diren azpiegiturak izango ditu. Arte Eszenikoen Zentroa Otxarkoagako eliza izandakoaren bulegoetan kokatuko da. Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak lagatako etxebizitzan, aldi baterako biziko dira produkzio eszenikoekin zerikusia duten eta beste lurralde batzuetatik datozen pertsonak.
Harrobia proiektua
Harrobia proiektuaren xedea jarduera artistiko enpresariala bultzatzea eta Otxarkoagaren lehengoratzea sustatzea da. Herrietako bizi-baldintzak eta horien garapen iraunkorra hobetzeko asmoa duen Rehabitat proiektuaren barruan dago (Espainia-Frantzia-Andorra mugaz gaindiko lurralde lankidetzarako programa operatiboa 2007-2013).
Harrobia programarekin, Imajinatu Otxarkoaga ekimenean jasotako ideietako batzuk gauzatu dira. Ekimen hori Bilboko Udalak bultzatu du, eta auzoko elkarteek eta biztanleek parte hartu dute, Otxarkoagako merkataritza eta gizarte jarduera garatu eta lehengoratzea ahalbidetuko duten neurriak adosteko.
Alokairu soziala eta %75eko okupazioa urtean
Udal pisua Eskenari laga zaio, alokairu sozialeko erregimenean, produkzio eszenikoei lotutako pertsonek Otxarkoagako azpiegitura berrian aldi baterako ostatua izan dezaten; lagapenak bi urteko iraupena du eta bost urtez luza daiteke.
Etxebizitza Eskenaren Zentroaren aurrez aurre dago, Langaran kalean, Otxarkoagako elizaren aurrean; hiru logela ditu, eta, horrez gain, sukaldea, egongela eta bainugela ere baditu.
Lehen bi urteetan, Eskena elkarteak etxebizitza atonduz eta altzariz hornituz konpentsatuko du alokairua, eta hurrengo urtetik aurrera, alokairu soziala ordainduko du. Akordioa dela eta, elkarteak etxebizitzaren %75eko gutxieneko okupazio maila mantentzeko konpromisoa hartzen du, erabilera ezak esleipen honen helburua ahultzen ez duela ziurtatzeko.
Hasiera batean, akordioak etxebizitza baten lagapenari egiten dio erreferentzia, baina beste etxebizitza baten esleipena egitea baloratzeko aukera ere aurreikusten da, Eskenan urtebeteko ibilbidea igarota, Zentroan garatuko diren antzezlanei lotutako pertsona eta aktoreek aurrekoan egindako erabilera-helburu berarekin erabil dezaten.
Últimos comentarios