BILBOKO UDALTEGIEK SEI ERAKUSKETA BERRI JASOKO DITUZTE BIHARTIK AURRERA, EXPODISTRITO PROGRAMAREN BARRUAN
Expodistritok, Bilboko barrutietako Udaltegietan eskainiko den aldi baterako erakusketa zikloak, bihar, irailaren 1ean, emango dio hasiera urteko azken hiruhilekorako egitarauari. Oraingo honetan, Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko eta Burtsako udaltegietara hurbiltzen diren bilbotarrek, sei erakusketa ibiltariz gozatu ahal izango dute abenduaren amaierara arte: lau pinturari buruzkoak eta bi argazkigintzari buruzkoak .
Urteko azken hilabete hauetarako programa bihar hasiko da, San Inazio-Ibarrekolandako, Castañoseko, Otxarkoagako, San Frantziskoko eta Burtsako udaltegietan, Juan Antonio Gaminde, Javier López de Lesaka eta Ismael Iglesias artisten eta Bemaitz taldearen lau pintura erakusketarekin. Horrez gain, Castañoseko udaltegiak, Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak bultzatutako “Ideia borobilak” lehiaketan saria jaso zuen ideia batean oinarrituz prestatutako Bilboko grafitien argazki aukeraketa bat jasoko du epealdi berean, irailaren 1etik 15era.
Expodistrito egitaraua, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta bere helburuen artean hiribilduko arte adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea daude, eta baita jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere. Ohikoa denez, erakusketak lekuz aldatzen joango dira, eta erakusketa bakoitzaren egun zehatzak udaltegietan, udalaren web gunean (www.bilbao.net) eta 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.
Udal instalazioek honako erakusketa hauek jasoko dituzte:
Pintura
BBK-k laguntzen duen “Temp Files” izeneko Ismale Iglesiasen erakusketaren ezaugarri nagusia bokazio esperimentala da. Teknika nahiko sinplea da: pvc-ko xafla baten gainean olio beltza ezartzen da, eta olio hori azetatoz eta beste objektu batzuez lantzen da, zoriari tarte handia uzten dion esku hartzearen bitartez, grabatu abstraktuak gogorarazten dituzten forma autonomoak eratzeko. Erakusketa hori Otxarkoagako Udaltegian ikusi ahal izango da beste lekuetan baino lehen irailaren 1etik 15era.
Bematz Taldea (Itziar Martinez, Begoña Zumalacárregui eta Marta Camiña). Duela hamar urte inguru euren ibilbide artistikoek bat egin zutenetik, hainbat erakusketa egin dituzte, taldean zein bakarka. Oraingo honetan elkartu egin dira, teknika eta gai miszelanea eskaintzeko, elkarren arteko aldeak erakutsiz, baina figuratiboaren batasuna eta pinturaren aldeko grina agerian utziz. Bemaitz taldearen erakusketa San Inazioko Udaltegian egongo da bihartik aurrera.
Juan Antonio Gaminderen erakusketak, mihise batean irudikatuta geratzean, eguneroko jarduna hilezkor bilakatzen duten gure bizitzako uneak helarazi nahi dizkio ikusleari. Maitasun eta teknika guztia erabili behar da, une hori betirako bizirik gera dadin, erreserbatutako lekuan. Erakusketa Burtsako Udaltegian ikusi ahal izango da irailaren 1etik 15era.
Javier López Lesaka duela bost urte baino gehiago hasi zen bere margolanak, marrazkiak eta argazkiak erakusten. Olioaren munduan autodidakta den artista horrek, espresionismoaren ukitu batzuk dituen figuratibo gisa definitzen du bere lana. Giza irudia, biluzia, batez ere, da bere mihiseetan gehien agertzen den gaia. Bere lanak San Frantziskoko Udaltegian ikusi ahal izango dira irailaren 1etik 15era.
Argazkigintza
Jose Angel Goldaracenak eta María Prieto Presak, Bilbon dauden grafitien argazki artxiboa sortzeko eta artxibo hori erakusketa batean erakusteko proiektua aurkeztu zuten Gazteria eta Kirol Sailak sustatutako 2008ko “Ideia Borobilak” lehiaketan. Hirian dagoen beste arte adierazpen bat ezagutarazi nahi zuten, arte horren inguruan dagoen irudi bandalikoa desmitifikatzeaz gain. Erakusketa horretan, berez, gure kaleetan ikus daitezkeen grafiti garrantzitsuak jasotzen dituzten argazkiak ikusi ahal izango dira. Bilduma Castañoseko Udaltegian ikusi ahal izango da irailaren 1etik 15era.
Distrito Foto 2011k, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako argazki lehiaketan sariak lortu dituzten argazkiak erakutsiko ditu. Lehiaketa horretan parte hartzeko argazki digitalak udalaren web gunearen (www.bilbao.net) bitartez bidali ahal izango dira, irailaren 5etik 18ra. Ekimen horren helburu nagusia, argazkien bitartez gure hiria eta gugandik gertuen dagoen ingurunea, gure auzoa, hobeto ezagutzen laguntzea da. Erakusketa hori Begoñako Udaltegian ikusi ahal izango da beste inon baino lehenago, urriaren 17tik 31ra.
Últimos comentarios