BILBOKO UDAL ETXEBIZITZAK ERAKUNDEAK UNIBERTSITATEKO IKASLEENTZAKO PARTEKATUTAKO ALOKAIRUKO HAMAR ETXEBIZITZA ESKAINIKO DITU, 40 EUROKO PREZIO SINBOLIKOAN
Bilboko Udal Etxebizitzak gaur banatu ditu “Bilboko Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat” programara zuzendutako hamar etxebizitzen giltzak. Ekimen hori, EHU-ko gradu-osteko ikastaroetan matrikulatuta dauden gazteei dago zuzenduta, eta udal etxebizitzak alokairuan eskaintzen zaizkie, konpartituta, pertsona bakoitzak hilean 40 euroko prezio sinbolikoa ordainduz. Horren truke, ikasleek, egitasmoaren xede diren auzoetako erkidegoko proiektuetan eta egoera txarrean dauden taldeei laguntzeko jardueretan lagundu behar dute, Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean. Guztira 26 ikasle izango dira ekimenaren onuradunak.
Unibertsitateko ikasleen eta auzoetako biztanleen artean ekimenak izan duen harrera bikaina dela eta, Bilboko Udalak eta EHU-k elkarlanerako hitzarmena berriztatu eta etxebizitza kopurua handitu dute. Ekimen hori, Europar Batasunaren Rehabitat egitasmoaren barruan sartzen da. Egitasmoaren helburua herrien bizitza kalitatea hobetzea eta gizarte kohesioa eta eko-eraginkortasuna bultzatzea da.
Lau etxebizitza gehiago ikasturte honetarako
2011-2012 ikasturte honetarako eskaini diren hamar etxebizitzetatik, sei Otxarkoagako Txotena kalean daude, eta 14 gazte biziko dira bertan, konpartitutako alokairuan, joan den ikasturtean bezala. Aurtengo berrikuntza, Mariaren Bihotzaren Plazan egongo diren eta 12 ikasle jasoko dituzten lau etxebizitzak izango dira. Ikasleek, alokairuaren prezio sinbolikoaz gain, argiaren eta uraren gastuak konpartitu beharko dituzte.
Etxebizitzetan bizi diren pertsonek banakako logela izango dute, behar bezala egokituta dauden eta sukalde osoa eta oinarrizko altzariak dituzten etxebizitzetan. Programak eskaintzen dituen baldintza onez gozatzearen truke, gazteek, udalak bultzatuta auzoan burutzen diren esku-hartze sozio-komunitariorako planetan laguntzeko konpromiso irmoa erakutsi beharko dute. Plan horien artean daude “Imajinatu Otxarkoaga” eta “Imajinatu zure auzoa”, besteak beste, auzoko elkarbizitza hobetzera eta gizarte egitura dinamizatzera bideratuak.
35 urtetik beherako pertsonak
“Bilboko Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat” programan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da EHU-k eskaintzen dituen gradu osteko tituluetako batean matrikulatuta egotea eta 35 urte baino gutxiago izatea. Ikasturte honetarako 26 errentarien aukeraketarako, gizarte alorreko esku-hartzean duten esperientzia baloratuko duen galdetegi bati erantzun beharko diote eta, horrez gain, elkarrizketa pertsonal bat izango dute. Ehun ikasle inguruk egin dute ikasturte honetan programan parte hartzeko eskaria.
Programa oso interesgarria da, hainbat helburu betetzen dituelako: Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra auzoak biziberritzea eta gaztetzea; unibertsitate mailako prestakuntzaren eta erkidegoarekiko eta gizartearekiko erantzukizunaren arteko bateragarritasuna; eta gazteei –Udal Etxebizitzen arreta jasotzen duen taldeetako bat– eta ikasleei, zehatzago esanez, etxebizitza izateko aukera eskaintzea. Ikasleen taldeak zailtasun handiak ditu etxebizitza izateko, prezio oneko aldi baterako alokairuen eskaintza, urria delako eta unibertsitateko ikasleen baliabide ekonomikoak ere ez direlako handiak izaten.
Últimos comentarios