OTXARKOAGAK DONIBANEKO OHIKO JAIAK OSPATUKO DITU ASTEBURU HONETAN
OTXARKOAGAK DONIBANEKO OHIKO JAIAK OSPATUKO DITU ASTEBURU HONETAN
Auzoko Jai Batzordeak familia osoari zuzendutako jai-egitarau zabala prestatu du Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailarekin lankidetzan
Jaiei hasiera emanez, BIHAR, EGUENA, auzoko biztanle nabarmenenei herri-bozketaren bidez ematen zaizkien GO! sariak banatzeko ekitaldia egingo da
Programazioak tailerrak, ipuin-kontalariak, zinema, antzerkia eta akrobaziak uztartuko ditu. Musika alorrean, hauek izango dira protagonistak: Charango (Mocedades-eko zenbait kide ohik osatutako taldea), Des-kontrol, A Trankas, Dale Ke Aún Respira (DAR) eta Sagar Taldea Bilbon, 2008ko ekainak 18 Bilboko Otxarkoaga auzoak San Joanetako jai tradizionalak ospatuko ditu asteburu honetan. Ospakizuna auzoko Jai-Batzordeak antolatu du Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailarekin lankidetzan. Auzokoek haur nahiz helduei zuzendutako era askotako denbora-pasaz gozatzeko aukera izango dute jarduera egitarau ezin zabalagoari esker.
EGUENEAN, hilak 19, 19:15ean hasita, Otxarkoagako biztanlerik nabarmenenei ematen zaizkien GO! sariak –bozketan auzoko guztiek parte hartzen dute– banatzeko ekitaldiaren ondoren, pregoia irakurri eta hasiera emango zaie jaiei. Eguneko unerik garrantzitsuena Charangoren kontzertua izango da, 20:00etatik aurrera, Ugarte plazan. Talde hau Mocedades-eko zenbait kide ohik osatzen dute. Gauean sartu ahala, txokolatada (21:30etan) eta film laburren jaialdia egingo da, 22:00etan.
BARIKUAN, haurrak izango dira jai-eguneko protagonista, eta haiexei zuzenduta, 17:30etan, A la luz de las velas antzerki-taldearen ipuin-kontalari saioa egingo da. Horrez gain, 18:00etan, Auzo Etxean eskainiko den ‘Cosas de niños/cosas de mayores’ obraren antzezpena ikusi ahal izango dute. Ordubete beranduago, 19:00etan, Debote Enbote bikoteak kale-antzerkia eta akrobaziak uztartuz eskainiko duen ikuskizuna hasiko da. Gauean, 22:30etatik aurrera, Des-kontrol, A Trankas eta Dale Ke Aún Respira (DAR) taldeek rockez beteko dute Ugarte plaza gazteenei zuzendutako lehen erromeria honetan.
ZAPATUAN, hilak 21, ospakizuna eguerdiko 12:00etan hasiko da euskal dantza erakustaldi batez, eta arratsaldean, herri jokoak (17:00etan) eta dantzagarriak (18:00etatik 20:00etara) egingo dira. Giroa ondo berotuta, 20:00etatik aurrera, asteburuko bigarren berbena hasiko da Sagar Taldearen eskutik.
Amaitzeko, DOMEKAN, hilak 22, haurrentzako jolasen ondoren (12:00etan), herri-bazkaria egingo da (14:00etan), aurtengo jaiei amaiera emanez. Bazkaria alaitzen Mikel Deuna, Lezama eta Otxarkoagako Abesbatza Elkartea koruek jardungo dute.
Últimos comentarios