ZINEMA, ANTZERKIA, MUSIKA ETA BIDAIAK DIRA BILBOKO UDALEKO KULTURA ETA HEZKUNTZA SAILAREN TAILER-ESKAINTZA BERRIAREN OSAGAIAK
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak tailer-eskaintza berrabiatuko du udazken-negu honetan barrutietako udaltegietan. Aurten ere eskainiko diren arte plastikoen alorreko ohiko ikastaroak baztetu gabe (pintura, olioa, arte aplikatuak, zur-lanketa, etab.), aipaturiko ikastaro horien osagarritzat antolatu diren beste heziketa-jarduera batzuk ere aukeratu ahal iango dira: zinema, antzerkia, flamenkoa, bidaia-antolaketa eta musikarekin eta ikusentzunezkoekin zerikusia duten bestelako jarduerak.
Kultura Sailak antolatutako jarduera deszentralizatu hauek Uriko auzo desberdinetako udaltegietan egingo dira, elkarte eta erakunde desberdinekin elkarlanean (Claro de Luna, Sonikete, Tular, Guztiko, La Caldera, Gazte Leku eta Komunikatuz). Berrikuntza gisa, tailer hauetarako aurre-inskribapena Interneten bidez egin ahal izango da estreinako aldiz. Udalaren www.bilbao.net <http://www.bilbao.net> webguneak, “Hiria” atalaren bitartez, ikastaro horietako edozeinetan aurre-inskribatzeko aukera eskaintzen du.
Zinemari eskainitako tailerretan hiru ikastaro antolatuko dira Deustu eta Abandoko udaltegietan (film laburrari buruzko hastapenak, zinema-gidoiari buruzko hastapenak eta edizio eta muntaketa digitalari buruzko hastapenak). Bakoitzaren iraupena 24 eta 48 eskola-ordu tartekoa da —asteko egun bakar batean emango dira, 18:30etatik 21:30etara—, eta prezioa 45 eta 90 euro tartekoa da ordu kopuruaren arabera (deskontuak egingo zaizkie langabetuei, ikasleei eta Oinarrizko Errenta kobratzen dutenei). Interesatuta daudenek izena eman dezakete irailaren 15etik 26ra bitartean Interneten edo gogoko ikastaroa emango den zentroan.
3. Barrutiko (Otxarkoaga-Txurdinaga) musika eta ikusentzunezkoen tailerretan, gitarra elektrikoa, baxua, bateria, txalaparta, musika-informatika eta home-studio delakoari eskainitako ikastaroak antolatuko dira, La Caldera eta Guztiko musika-elkarteen eskutik. Ikusentzunezkoen alorrean, Otxarkoagako auzo etxeak ‘Irratigintzaren hastapenak’, ‘DJ’, ‘Zinema-hiztegia’ eta ‘Argazkigintza’ ikastaroak eskainiko ditu Tular elkarteari esker. Eskolak goizeko eta arratsaldeko txandetan emango dira.
Irailaren 17tik urriaren 5era bitartean, antzerkiaren zaleek Bilbaoeszenako tailerretan izena emateko aukera dute, Antzerki-Baliabideen udal zentroak Santutxun duen egoitzan. Urteak aurrera egin ahala programatuko diren ikastaro espezifikoekin batera (monografikoak, antzerki-produkzioa, arte eszeniko garaikideak, etab.), Bilbaoeszenak tailer orokorrak eta musika-antzerkiari eta haur-antzerkiari eskainitakoak ere eskainiko ditu urritik ekainera bitartean. Iraupena 30 eta 90 eskola-ordu tartekoa da, eta matrikularen prezioa, 100 eta 155 euro tartekoa (deskontuak egingo zaizkie langabetuei eta Oinarrizko Errenta kobratzen dutenei).
Flamenkoari dagokionez, dantza, kantu, gitarra eta perkusio ikastaroak San Frantziskoko Udaltegian eskainiko dituzte Maria Marin eta Yolanda Lorenzo dantzariek; Eduardo Florido eta Rosario Guerrero ‘La tremendita’ kantariek; Jose Maria Ramirez, Marco Borge eta Jose Antonio Conejo Vida ‘Chaparro de Málaga’ gitarra-jotzaileek; eta Ander Sanchez eta Pakito ‘El aspirina’ perkusio-jotzaileek. Matrikula zabalik dago irailaren 8az geroztik, eta prezioa 25 eurokoa da espezialitate bakoitzean (deskontuak egingo zaizkie langabetuei, ikasleei, jubilatuei eta Oinarrizko Errenta kobratzen dutenei).
Bestalde, 4. Barrutian (Begoña) zortzi eskola-ordu dituen bidaia-antolaketari buruzko tailerra programatu da. Oso ikastaro praktiko eta dinamikoa da, eta ‘Bidaiariaren txokoa’ udal programaren barruan eratu da. Izen-ematearen prezioa sei eurokoa da, eta epea irailaren 22an hasi eta urriaren 15ean amaituko da.
Amaitzeko, Elexabarriko Gaztegunean, Errekalden, Kultura eta Hezkuntza Sailak, Gazteleku Elkartearekin elkarlanean, Dokumentalen Errealizazio Aurreratuari buruzko II. Tailerra eskainiko du. Ikastaro honetan ezinbestekoak dira grabazioari eta edizioari dagozkien gutxieneko ezaguerak, eta bertan, gidoiaren garapena, argiztapen eta soinuztapen teknikak, errealizazioa eta argazkigintza, HDV-kameraren erabilera eta postprodukzioa bezalako ikasgaiak jorratuko dira. Plaza-kopurua mugatua da (10), eta eskolak urriaren 4an hasi eta abenduaren 20a arte luzatuko dira (hamar eskola-egun, eta bakoitzean lau orduko eskolaldia). Matrikularen prezioa 25 eurokoa da (12 eurokoa langabetuentzat, ikasleentzat eta jubilatuentzat), eta matrikula-epea irailaren 8an ireki da tailerra emango den Gaztegunean bertan eta udal webgunean
Últimos comentarios