UDALAK ANTOLATUTAKO TAILER BATEK BIDAIAK PRESTATZEKO GOMENDIOAK EMANGO DIZKIE IBILTARI BOKAZIOA DUTENEI
Zeintzuk dira bidaiatzeko era alternatiboek, bizikletaz edo motxila bizkar gainean eramanez kasu, dakartzan abantailak eta desabantailak? Nola erosi hegazkin-txartelak merkeago? Osasun-arriskuak edo bisa lortzeko arazoak sor daitezke herrialde jakin batzuetara joatekotan? Zein da ezinbetseko ekipajea destinoaren arabera? Non lor daiteke herrialde baterako bisitaldia aberastuko digun informazioa? Era honetako galderei eta turismo alternatiboa gustuko duten ibiltari bokazioko pertsonek izan ditzaketen gainerako kezka guztiei erantzungo die Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako udal tailer batek.
Ikastaroa martitzenetan eta eguenetan emango da 4. Barrutiko (Begoña) Udaltegian, Txurdinagako Kiroldegiaren ondo-ondoan (Circo Amateur Club Deportivo, 2), erdaraz urriaren 21etik 30era, eta euskaraz azaroaren 4tik 13ra bitartean, eta ordutegia 19:30etatik 21:30etara bitartekoa izango da. Irakaslea Aitzol Alzibar bidaiari aditua izango da, tailerrari ikuspegi dinamikoa, partehartzailea eta batez ere praktikoa eman nahi diona. 14na pertsonako talde bi eratuko dira, eta adin nagusikoek baino ezin izango dute parte hartu. Partaideen arteko esperientzia eta informazio trukaketa sustatzea da ekimenaren xede nagusia, eta eskola-ordutegiaren barruan fikziozko bidaia bat antolatuko da, ibilbide jakin bat eta bisitatzeko moduko leku jakin batzuk tarteko direla. Tailerraren prezioa sei eurokoa da, eta izen-ematea Begoñako udaltegian egin ahal izango da irailaren 22tik urriaren 15ª arte.
Nor bere kasa bidaiatzea askoz ere errazagoa da gaur egun Interneti esker, eta dexente merkeagoa ere kostu baxuko hegaldiei esker. Aurrerapen hauek norberaren gustuen araberako ibilbidea diseinatzeko aukera eskaintzen digu. Ibiltarien booma bene-benetako gertakaria da, eta kasu batzuetan oporraldira mugatzen da, baina beste batzuetan epealdi luzeagokoa izaten da, bereziki bizitzaren zati bat mundua ezagutzeari eskaintzen diotenen kasuan.
Ildo honetan, tailer hau lagungarri suerta dakieke bai gazte jendeari bai helduei ere, beren kasa antolatutako ibilbidea aldez aurretik prestatu eta aukeran dauden hautabide guztiak gogoan har ditzaten. Xedea, abiatu aurretik ezinbesteko prestaketak eta oinarrizko alderdiak errepasatzea da, bidaia-agentzia konbentzionalek eskaintzen duten segurtasuna eta erosotasuna ez izateak ekar ditzakeen arriskuak ahal den neurrian ekiditeko asmoz.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimen hau 4. Barrutiko (Begoña) Bidaiariaren Txokoa programaren barruan gauzatu da. Beste kultura, ohitura eta gizatalde batzuk bidaiari-esperientzia luzea duten pertsonen ikuspegitik erakustea da programaren helburu nagusia.
Últimos comentarios