Goizeko Argiak- Martxoaren 16an
Programa entzuteko aukera galdu bazenuen, hauek dira astelehenean Goizeko Argietan jorratu genituen gaiak.
TENDENTZIAK
- Larruazala ukitzean usaina botatzen duten alkandorak iritsi dira merkatura, gehiago jakin nahi? Iaz Madrilen egin zen Nazioarteko Modaren Astean, emakumearen larruazala ukitzean usaina botatzen duten alkandorak ekoizteko ikerketa bat aurkeztu zen eta orain, ‘Camille Camisas’ marka espainiarrak, proiektu hori aurrera eraman duela jakin dugu. Kotoizkoak dira alkandora hauek, baina, partikula txiki-txiki batzuk dituzte, larruazala ukitzen dutenean, mailuki, limoi, melokotoi edota mango usaina kanporatzen dutenak. Badirudi etorkizun hurbil batean ez dela beharrezkoa izango lurrinak botatzea, lurrina alkondarak ekarriko duelako.
- Horia, zuria eta malba dira udaberrirako koloreak. Kolore ilunez ahaztu eta gure aurpegia alaituko duten tonuak hautatzeko joera hartu behar dugu. Udaberrian gehien ikusiko diren koloreak horia, zuria eta malba dira.
MUSIKA
- Bebek maiatzean argitaratuko du bigarren diskoa. 5 urte igaro dira Bebek Pafuera telarañas disko arrakastatsua atera zuenetik eta, azken urteetan musika apur bat alboratuta izan badu ere, bere itzulera iragarri berri du artistak. Maiatzaren amaieran argitaratuko du estudioko bigarren diskoa. Oraindik ez dio izena jarri lanari baina ia dena grabatuta omen dauka jada. Oraintxe nahasketa-prozesua amaitzen ari omen dira. Carlos Jean da ekoizlea eta hark adierazi duenez, abesti bat bakarrik falta zaie.
- Kerobia taldea estudioan sartu da jadanik bere disko berria prestatzeko. Edukiontzien inguruko trilogiaren bigarren zatia grabatzera sartu da, hain zuzen, Materia Organikoa eta Gainerakoak zatiaren ondoren, orain Papera eta Kartoia izango da triologiaren bigarren zatia. Zati honetan 6 abesti aurkituko ditugu eta estilo aldetik, berrikuntza puntu bat izango da, batez ere teklatu eta sinteen soinuan. Abestiek Rose Escargot diskoko abestien kutsu handiagoa dute melodien aldetik, baina une batzuetan Materia Organikoak eta Gainerakoak abestiek duten indarra ere izango dutela aurreratu digute taldekideek. Disko berri honen aurkezpena maiatzaren amaiera alderako, egitea espero dute taldekideek, baina apurtxu bat lehenago, maiatzaren lehenengo hamabostaldian gutxi gorabehera, single bat eta horren bideoklipa aurkeztuko digu taldeak.
ZINEMA
- Amstel Surfilm Festibal 7ko Film Laburren Lehiaketan parte hartzeko epea ireki dute. Bigarren urtez Amstel Surfilm Festibal 7 jaialdiaren barrenean eginen den Film Laburren lehiaketan parte hartzeko lanak aurkezteko epea zabalik da dagoeneko. Lanak maiatzaren 16ra arte aurkeztu ahal izanen dira. Aurten gainera, berrikuntza gisa, partehartzaileen filmak Jaialdiaren Dailymotion eta Youtubeko gune ofizialetan jarriko dituzte. Surfilm Festibal 7 jaialdia ekainaren 10etik 14ra eginen da Donostian.
- R.A.F. Facción del Ejercito Rojo zinema aretoetara iritsiko da. Aspaldidanik, Alemaniatik iristen zaizkigun filmeek gai bera dute ardatz: nazismoa eta genozidio judutarra. Are gehiago, azkenaldian badirudi III.Reicha gaitzat duten filmak modan daudela. R.A.F. filmak Baader Meinhof gisa ezaguna zen erakundeak eginiko krimenak hurreratu nahi dizkigu. 70eko hamarkadan hasi eta 1988. urtera arte jardun zuen zuen RAF talde terroristaz dihardu filmak. 60ko hamarkadaren amaieran sortu zen sistemaren aurkako mugimendu gisa.
BAZENEKIEN
- Bazenekien saudiarabiar batek 22 eskorpioi irentsi zituela?. Guiness errekor liburuan sartzeko, 22 eskorpioi irentsi zituen 3 bat minutuan. Aurrean ez zegoen epailerik egindakoa baieztatzeko, baina izan ziren 20 pertsona bere balentriaren lekuko. Munduko errekorra lortzeko hautagaia berak aditzera eman duenez, 20 urte baino gehiago darama eskorpioiak irensten eta inoiz ere ez duela bigarren mailako ondorio kaltegarririk jasan ziurtatu du.
- Bazenekien munduko eskailera mekaniko luzeena Hong Kong-en dagoela eta 800 metro neurtzen dituela?. Eskailera honek munduko Guinness Errekorra du, 1994ko urriaren 15an inauguratu zuten eta hasiera batean, egunean 27.000 pertsona eramango zituela aurreikusi zuten arren, gaur egun, 55.000 lagun baino gehiagok erabiltzen dute. Bidaiaren iraupena, eskailerak igo gabe, hogei minutukoa da, beraz, garraiobide izateaz gain, erakargarritasun turistikoa ere bada eta jatetxeak, tabernak eta dendak ditu bere ibilbidean zehar.
* Iturria: EITB.com eta HIru.com
Últimos comentarios