«Otxartruke» denboraren bankua jarri du martxan Bilboko Udalak Otxarkoaga auzoan
Auzokoen arteko lankidetza dimentsio berrian sartu da Otxarkoagan, Bilboko Udalak bultzatutako azken ekimenarekin. Herritarren Parte-hartze Sailak eta Barrutiko Kontseiluek "Otxartruke" denboraren bankua jarri dute gaur martxan. "Imaginatu Otxarkoaga" udal programako ekimen honetan, laguntzeko gogoak eta mesedeen elkartrukeak dirua ordezkatzen dute. Seguir leyendo el arículo
Otxarkoagako denboraren bankuak ez dauka ordutegi finkorik, interesik edo betebeharrik. Herritarren eskaerari erantzuna emateko asmoz sortu da, ingurune horretako auzotarren beharrizanak bete daitezen, horrela beraien arteko harremanak eta bizi-kalitatea hobetuko direlako.
Gaur arratsaldeko 20:00etan Otxarkoagako auzokideak gonbidatuta daude Auzo Etxean egingo den aurkezpenera. Halaber, auzoko Jubilatuen Elkarteak luntxa eskainiko die bertaratutakoei 20:30etan.
Hizkuntza-ikastaroak etxean ematea etxeko konponketa baten truke; arropa batean josturaren bat egitea masaje baten truke, edo maskota bat paseatzen ateratzea eta etxe-aldaketa batean laguntza jasotzea dira denboraren bankuaren adibideetako batzuk. Trebetasun, zerbitzu edo elkartruke puntual mota guztiak erabilgarriak dira denboraren bankuan. Ohiko banku baten modura dihardu denboraren bankuak, baina bere trukeneurria ordua da, ez dirua.
"Otxartruke" ekimenaren kide izateak ez dakar bilerarik edo ordutegi finkorik, unean uneko elkartrukeak baizik. Ekimenaren kide izan nahi dutenek kontu korrontea eta taloitegia eskuratuko dituzte; horien bitartez, trukean zerbait eskainiz jasotako zerbitzuak ordainduko dituzte. Interesatuek argibide gehiago eduki dezakete Auzo Etxean edo otxartruke@gmail.com posta elektronikora idatziz.
Últimos comentarios