Ospitale batean bizi izandako gertaerak
XIRIMIRI
Hiru urtebete badaramat Santa Marina izeneko ospitalean, abade modura. Oso esperientzia ederra da, eta gustura joaten naiz nire lan orduak betetzera.
Ospitaleraino txirrinduz joaten naiz. Oso aldapatsua izan arren, zoragarria da! Bestaldetik, goitik ikusten diren lekuek –Etxebarri, Basauri, Otxarkoaga eta lekutara ikusten diren mendiak– ikuspegi ederra osatzen dute.
Ospitale honetan lan egiten duten profesionalak oso onak direla argi eta garbi esan dezakegu. Beren portaerak oso humanoak dira, benetan!
Han sentitzen dut, egunez egun, gure bizitzan zehar inportantzia gehiegi ematen diegula gauza batzuei eta ez dutela hainbesterako balio. Jende asko bizi da kate gogor bati loturik, gero eta gauza gehiago edukitzeagatik lan eta lan, bestelako gauzetarako denborarik gabe! Oso bestelako errealitatea bizi dute ohean daudenak. Bakardadean ikusten ditut askotan, nahiz gizon nahiz andreak, inor ez dagoelako beren aldamenean.
Batzuetan, eta gertakizun hau gero eta gehiago ikusten dut, beste lurraldeetatik etorritako gazteak, ordu pila bat pasatzen dira gaixo hauek zaintzen, familiarik ez daukatela eta. Argi eta garbi dago zergatia: ahaide gutxi eta hauek ez dute posibilitaterik haiengana etortzeko, lanean daudelako. Askotan, bere bizitzari azken arnasa ematen dionak ezin du inorekin kontatu, bakartasun hutsean dagoelako. Hau tristezia!
Nik, gizon edo emakume hauek agurtzen ditudanean, gure bizitzan portaera batzuk aldatu behar dugula sentitzen dut. Baina, gai izango ote gara beste modu batean bizitzeko? Hemen dugu gure bizitzari zentzua emateko bide bat.
Últimos comentarios